XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erdaldunei zerbait barkatzen ez badie, amarrako esatea dela.

Gainerakoek, berriz, beti amarrako izan dela erantzuten diote, eta ea nondik atera duen hamarreko hori.

Euskarazko hitza dela jakinarazten die, hamar esateko balio duena.

Zenbat apostu ezetz.

Bere aitonak ere erantzuten dio zitalenak hantxe bertan, Carcastillon jaioak, amarrako esaten zuen, eta euskaldun batek ez zion berehala musean irabaziko hari.

Eta argudio nagusia, hamarreko, euskaraz, hamar bazen, ea zergatik amarrakoak balio zituen bost puntu.

Ez zuen jakin erantzuten.

Eskuan zituen kartak mahai erdira bota eta kamastran eseri zen.

Aldi berean, gainerakoak kontrako zokora erretiratu ziren, gaitzen batez kutsatzeko beldur bailiran.

Luzaroan egon zen mugitu gabe, ukalondoak belaunetan iltzatuta, bekokia eskuetan hartuta.

Minutu gutxi falta ziren lauak izateko, eta galiziarrak folio mordo bat eta boligrafoa utzi zizkion ondoan.

Uztean ez zion deus esan, eta ez zuen esan beharrik ere.

Pentsatua zuen zerbait idaztea.

Zer idatzi eta guzti zuen pentsatua.

Euskadiren alde hiltzen naiz.

Etorriko dira atzetik jarraituko dutenak.

Aberria ala hil.

Garbiñe lehengusinak erabiltzen zuen ez adiorik hura ere gogoko zuen amaieratzat, baina ez zitzaion Aberria ala hil bezalako esaldi gogorrari egokitzen.

Nolanahi ere, ez zuen boligraforik hartu.

Neurri batean harrokeriaz, galiziarrarekin haserretu ondoren ez zuelako haren eskaintzarik onartu nahi.

Baina batez ere hitz guztiak dudakorrak iruditzen zitzaizkiolako, eta ez zukeelako jakingo nola idatzi, bizia ala bizitza, batzuk ala batzuek.